Usted está aquí

Sara, UKAN taldearen abeslaria. Zornotzako Barnetegia aukeratu du euskara ikasteko eta, batez ere, txipa aldatzeko. Mikrofono itxuradun edozer hartuta txikitatik abestu izan duen horietako bat.

http://youtu.be/TdlRPp60KcE

Sara, zer dela eta hasi zinen euskaraz abesten?

Kantatu betidanik egiten dut. Zenbat bider etxean pote bat hartu eta abesten hasi!! Hori guztiok egin izan dugu inoiz; baina nik… inoiz baino gehiagotan!! Zinez!! Jendaurrean egiteko aukera, berriz, duela urte bete suertatu zitzaidan. Ekimen puntuala izan zen; beno, hobe esanda, izango zen; izan ere, hurrengo aukerarako atea zabaldu zidan hark. Sopelako Herriko Plazan abestu nuen, eta, kasualitatez, taldea osatzeko kantaria behar zuten hiru mutil bertan, neu ikusten. Neu nintzen, antza, eurek behar zutena. Horrela izan zen. Lekua eta momentua!! Betikoa!!

Eta erdalduna izanda, zelan ausartu zinen euskaraz kantatzeari baietza ematera?

Egia esan horrek ez ninduen arduratu. Nire ustez, beste hizkuntza batean abesteak ez dauka misterio handirik. Letrak buruz ikasi eta aurrera, ezta?

Orduan, zergatik hasi zinen euskara ikasten?

Argi eta garbi!! Euskaraz bizi nahi dudalako!! Nire ingurua nahiko euskalduna da, beraz, erronka lortzea nire esku dago %100ean; ikasi besterik ez dut egin behar, eta horretan nago. Gainera, ikasten jarraitu ahal izateko ere behar dut, titulua eskatzen didate_eta. Hasiera batean, horiek izan ziren ikasteari ekiteko arrazoiak; berehala gertatu zen, baina, bigarren kasualitatea, eta horrek beste arrazoi bat ekarri zidan.

Ea, kontatu!!!

Begiratu zelakoa den bizitza!! Euskaltegian hasi berria nintzela proposatu zidaten taldean parte hartzea. Esan bezala, euskaraz kantatzea, ez da arazoa niretzat; beste kontu bat da, abeslari moduan, kezkatzen nauena. Euskaraz abesten dudanez, jende guztiak pentsatzen du euskaraz egiten dudala; eta bidean banago ere, lotsa dela, ziurtasun falta dela, oraindik ere, ikus-entzuleekin mikrofonoa hartuta berba egin behar dudanean , ez naiz ausartzen; beldurtu egiten naiz. Hori gainditu beharreko oztopoa dut, eta horretan nabil jo ta fuego. Espero dut, laster, kontzertuetan berba egiteko tartea heltzen denean, atzera egin beharrean, aurrera egin ahal izatea. Hori egiteko kapaz naizen egunean, euskaraz bizi naizen seinalea izango da.

Eta, atrebentzia ez bada, zergatik aukeratu duzu Barnetegia?

Aurretik aipatu dut nik euskaraz hitz egin nahi dudala; azken finean, horretarako dira hizkuntzak. Ikasten hasi nintzenean, ikusten nuen aurrera egiten nuela, gero eta gehiago ulertzen nuela…, eta alde horretatik pozik nengoen. Aldi berean, ordea, konturatu nintzen, berba egiteko orduan, kikildu egiten nintzela. Txipa aldatu behar nuen; bai ala bai!! Eta horretarako, nik uste dut Barnetegia dela lekurik aproposena. Hau leku ezin hobea da 24 orduz euskaraz aritzeko, eta txipa aldatzeko, ez dago beste sekreturik. Berton, trebetasun guztiak sakon lantzeaz gain, altxatzen garenetik oheratu arte, euskaraz aritzen gara. Hori behar izan eta horixe topatu dut.

Esan daiteke, beraz, zure helburua bete egin dela?

Bai!! Oraindik falta da, baina gauza batzuk aldatu dira. Esate baterako, wasapak, orain, euskaraz idazten ditut; lagunekin, askotan, euskaraz egiten dut. Detailetxo batzuk dira, baina hau hasiera baino ez da.

Bukatzeko aholkuren bat??

Jakina!! Nagiak kanpora eta erdu barnetegira!! Argi dago dirua, denbora eta ahalegina dela, baina, euskaraz bizitzeko, aukerarik onena da. Eta beste gauzatxo bat!! Etorriz gero… pentsio osoan etorri, askoz ere gehiago ikasi eta aprobetxatzen da!!

Beno, Sara, bada, gure aldetik, horixe izan da dena; zerbait gehitu nahi??

Beno bai!! Denbora gutxi geratzen bada ere, aprobetxatu nahi dut!! UKAN taldeak BANDENLEHIA lehiaketan hartu du parte. Gauza handia izango litzateke, guretzat, finalera heltzea, eta horretarako, bide bi daude: zuon botoaren bidez edo epaileek aukeratuta. Gure facebookeko orrialdean dituzue botoa emateko jarraitu behar diren pausuak; eta, benetan, laguntzen badiguzue… FENOMENO!! Finala _ azaroak 29, Bilboko Bilbo Rocken_ irabaziz gero CDa grabatuko dugu eta 2014ko BBK live jaialdian joko dugu. Irabaziko ahal!!

Ederto, Sara!! Plazera izan da zurekin aritzea!! Mila esker!!

Eskerrik asko zuoi!! Eta, portzierto!! Ahaztu aurretik!! Gure maketa entzuteko aukera ere badaukazue. Gustatuz gero, jakizue gu jotzeko prest gaudela!! Harremanetarako: FacebookTwitter edota e_posta (ukantaldea@gmail.com).