Usted está aquí

Iñigo Urkullu Lehendakaria euskaltegi publiko zein pribatuko arduradunekin batzartu da Lazkaoko Maizpide Barnetegian antolatutako ekitaldian. Zornotzako Barnetegiko arduradunak ere bertan izan dira.

Euskaldun berrien ekarpena goraipatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean, Lazkaoko (Gipuzkoa) Mazpide euskaltegi-barnetegian egindako bisitaren ostean. Era berean, helduen euskalduntzea Jaurlaritzako lehentasunen artean dagoela nabarmendu du. Euskaltegi publiko nahiz pribatuetako arduradunekin bilera labur bat ere egin dute lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

"Elebitasunak pertsona aberasten du. Eduki gehiagoz jabetzeko aukera ematen dio pertsonari, mundu zabal eta berriak eskainiz", esan du Urkulluk. Lehendakariak gogorarazi du Jaurlaritzak euskaltegien finantzaketarako 31 milioi euro ematen dituela. "Euskara biziberritzea zutoina da, eta Jaurlaritzak euskararekin eta bizikidetzarekin hartu du konpromisoa", gaineratu du.

Herritarrei eta elebakarrei euskara ikasteko urratsa egiteko gonbitea egin die lehendakariak: "Pertsona legez aberastuko direlako, eta ekarpen handia egingo dietelako gizarteari.

Maizpidek 25 urte bete ditu aurten, eta ikasturte berriko matrikulazio garaia aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bertan bisita egiteko. Maizpideko zuzendari Jon Urdangarinek esan du euskara dakitenen eta ez dakitenen arteko zubi izan direla urteotan: "Tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi, Lazkaoren eta Euskal Herriaren arteko zubi, Euskal Herriaren eta munduaren arteko zubi". Zubi horiek pasatzen bidelagun asko izan dituztela goraipatu du, eta eskerrak eman dizkie urteotan euskaltegietara jo duten ikasleei.

http://www.youtube.com/watch?v=6SLOGQTcPY8

(Berria-2013/09/05)