Usted está aquí

Paperezko eta on-lineko edizioak aurkezteaz gain, hainbeste aukera berri ematen duen Elhuyar Hiztegiak izeneko webgune berria ere aurkeztu da.

Azken urteotan euskara zein gaztelaniaren lexikoan izandako berrikuntzak kontuan hartuta, eta, beti ere, hobetu nahian, heldu zaigu Elhuyar Hiztegiaren 4.edizioa, bai liburu-dendetara bai sarera. Dendetan, betiko moduan, ederto ezagutzen ditugun hiru hiztegiak topatu ahal ditugu; eguneratuta, jakina. Webgunean, berriz, esan bezala, badaude gauza berri batzuk azpimarratzekoak direnak.

Elhuyar Hiztegiak webgunean sartu baino ez, argi eta garbi ikusiko dugu lehengo orrialdean ere ikusten genuena (beste formato bat izan arren), hau da, hitza edota sarrera idazteko aukera. Oraingo honetan, berriz, betiko aukera ez ezik (eu-es), Elhuyarren gainontzeko hiztegi elebidunak ere (eu-en, eu-fr) baditugu aukeran. Bitxikeriak, baina, orain datoz: euskarazko adiera guztiak entzun egin daitezke eta, gainera, nahi izanez gero, komentatu ere egin ahal dira. Entzuten den hiztegi dinamiko batez ari gara.

Baina aurrekoa esanda, eta horri ezer kendu barik, guri gehien gustatzen zaiguna web-corpusen ataria da. Bertan interneteko euskararen erabilera ikusi ahal dugu, eta hori benetan da interesgarria eta, aldi berean, oso erabilgarria; izan ere, esanahitik haratago doa. Corpus ataria azpiataletan dago antolatuta: Corpus elebakarra_ euskarazko web-corpusa_, Corpus paraleloa (euskara-gaztelania web-corpusa) eta Hitz-konbinazioak (Corpus elebakarra-tik zuzenean hartutako bigramak).

Ikusten duzuenez, badago hemen zer kontsultatu. Oso osoa da Elhuyarrek egindako eta jada eskura dugun lana. Baina den-dena ez da sinetsi behar, hortaz, erreminta guztietarako gomendatzen dugun bezala… barruraaaa!!!!!