You are here

Dakizuenez, normaltasun berria deritzon honetara egokituta hasi genituen udako ikastaroak duela pare bat aste. Bai etxea, bai langileak erabat egokituta eta prest izan gara lehen egunetik, eta etorri diren ikasleek ere erantzun ezin hobea eman diote aurrean izan dugun erronkari. Aldaketak izan ditugu, bai, baina, emaitza ikusita, esan dezakegu denok kontzientzia hartuta eta egoeraren berezitasuna erabat barneratuta izan ditugula. Hona hemen labur-labur ikastaroaren nondik norakoak (eta zenbait argazki!)

6 talde izan ditugu, eta talde bakoitzean 8 ikasle izan dira, horixe baita araututa dagoena segurtasun neurriak gorde ahal izateko. Maskarak erabiltzea derrigorra izan da, eta horrez gain, norabide bakarreko irteera eta sarrerak, eta etxeak jarritako beste hainbeste neurri ere bete behar izan ditugu. Adibidez, gauez ezin kalera irtetzea, kanpoko kutsaketak saihesteko. Hori dela eta, nola ez, gauero zine foruma egin dugu bertako aretoan!

Gure barnetegiaren bereizgarrien artean arratsaldeetako kanpo ekintzak eta txangoak izaten dira. Aurten, kirola izan da protagonista, inguruko mendietan zein barnetegian bertan (zunba ...); igandeko txangoa, berriz, Bermeora izan da, baina, egun osoa barik, goiza pasa!

Labur-labur esan dugu, beraz, bukatzeko, aipatu nahi ditugu, batetik, ikasleen jarrera positiboa, eta bestetik, beraiek gure lanari eta hamabostaldi honi egindako balorazio ona. Poztekoa da, eta denok zoriontzeko modukoa.

Seguru sentitu gara, euskaraz bizi izan gara, gustura ibili gara. Horixe ikastaro honen laburpen onena!! Datorren astelehenean hasiko dugu uztaileko bigarren trinkoa. Garaiz zaudete!! #GuHemenGaude!