You are here

EUSKARAREN INGURUNE DIGITALA:

EZERTAN HASI ORDUKO ZENBAIT KONTSIDERAZIO:

Onlineko munduak gero eta indar, jarraitzaile eta leku handiagoa duela egungo gizartean:

  • 3.700.000.000 pertsonek dute Internetera sarbidea munduan
  • EAEn %96k Interneterako sarbidea duen telefonoa du.

Hona hemen EAEko kopuru horiek zehatzago:

  • 15-24 urte bitartekoen artean % 99k
  • 25-34 urte bitartekoen artean % 96k
  • 35-44 urte bitartekoen artean % 97k
  • 45-54 urte bitartekoen artean % 92k

Kontua da, baina, Interneterako sarrerek ez ezik, erabilerak ere gora egin duela, eta horrek eragin zuzena du gizarteratzeko zein gizartean bizitzeko moduan.

  • Herritarren %51 sare sozialetako partaideak gara
  • Minutuko YouTuben 700.000 bideo-minutu ikusten dira
  • Berriak teleberrietatik jaso beharrean, Facebooken bilatzen dira
  • Segundoko 6.000 txio argitaratzen dira Twitteren

 

PANORAMA BERRIARI EGOKITU BEHARRA:

Aurten Bai Fundazioak uste du hurrengo urteetan euskararen irakaskuntzan oraindik ere aurrez aurrekoa izango dela ardatza, baina ikasleak gero eta autonomoagoak izango direla; horrela, eskoletara joanda ere, bakoitzak bere tresnen eta erreminten mapa (PLE/NIE-a) izango du; eskolez gain, nahi duena eta nahi duen martxan ikasi ahal izateko; bestela esanda, ikasteko tresnak  beharko dituela, onlineko tresnak, gainera. Horregatik behar ditu ikasleak ikasteko aukerak: irratiak, telebistak, egunkariak, YouTubeko kanalak, mikroikastaroak, appak, ... beste edozein hizkuntzatan klik batera dagoen unibertso hori berori.

Horrela, gainera, ikasleen PLE/NIE hori osatzeaz gain, beste helburu hauek ere izango dituzte tresna horiek:

 
  • Aurrez aurrekoari lagundu, ikasleak ondoen egokitzen zaizkion tresnak eskura izanda: eduki zehatza lantzeko ikastaroak, hiztegia lantzeko aplikazioak …
  • Ikas-prozesua uzten duten ikasleen kopurua gutxitu.
  • Ikasle berriak ikas-prozesura hurbilaraztea, lehenengo harreman arrakastatsua edota baikorra eskainiz: euskararen irakaskuntza zer den ikusteko aukera arrakastatsua.
  • Ikas-prozesua arintzea.
  • Eskoletara joan ezin den ikasleari aukera bat ematea, behar duena lantzeko.

LANARI HELTZEKO: world cafea

Panorama berriari egokitzeko, denok dakigun bezala, ikasleak baditu tresna batzuk aukeran, baina ez beste hizkuntzetan dauden beste, eta horrek zer pentsatua ematen du:

- Produktuak arinegi zaharkitzen dira?

- Erabiltzaile potentzial gutxi ote gara?

- Inbertsio edota ahalegin handiegia eskatzen dute?

Hala ere, baldintza horiek kontuan izanda ere, Fundazioak uste du badugula, berandu baino lehen, bide berriak jorratzen hasteko garaia, inguru digitalak eskaintzen dituen aukerak euskararen irakaskuntzak gal ez ditzan.

 

Eta horregatik ildo horretan urratsak ematen hasteko, antolatu zuen atzo, 2019 otsailaren 21erako world cafea. Bertan erakunde desberdinetako profesionalak elkartu ginen euskararen ingurune digitala nola elikatu aztertzeko eta, ahal izanez gero, ondorioak ateratzeko.

World cafe horretan, baina, berezitasun txiki bat izan genuen, izan ere, ezer baino lehen, hiru hizlari izan genituen, bakoitzak 20 minututan burua kokatzen lagundu ziguna, eta bakoitzak gai honen arlo bat azaldu zigun:

 

Horrela, Maite Goñik “TEKNOLOGIAREN AUKERAK HIZKUNTZEN I(RA)KASKUNTZAN” izeneko hitzaldian teknologiak berriak zelan integratzen diren, horren araberako metodologiak eta metodologia horien artean zeintzuk ari diren nagusitzen azaldu zigun.

IXA taldeko Mikel Iruskietak eta Montse Maritxalarrek “EUSKARAZ I(RA)KASTEKO BALIABIDEEN ETA TRESNEN GARAPENA: AUKERAK ETA MUGAK, HIZKUNTZA-TEKNOLOGIETATIK BEGIRATUTA” izenpekoan, teknologiak noraino ditugun garatuta eta zein aplikazio dugun erabilgarri azaltzeaz gain, testuen prozesamendurako garapenek zer ahalbideratuko luketen ere argitzen saiatu ziren.

SuperMemo enpresako Alicja Jankowiakek “BEZEROEN LEHENTASUNAK EDO ERABILTZAILEEK GUSTUKO DITUZTEN EZAUGARRIAK” izenpekoan, ikasleek zer baloratzen duten edota zer produktu eta produktu horietan zer duten gustuko azaldu zuen.

 

Hortik abiatuta, beraz, ingurune digitala elikatzeko bideak finkatzen saiatu ginen eta orain, oraindik atzokoa aztertze fasean gaudenez, momentuz, nahiz eta ondorio zehatzik izan ez, orain atzokoaren gaineko txostena idazteko tartean gaudelako, azpimarratu edota aurreratu ahal duguna da parte hartzaile guztiek oso egokitzat jo zutela egindako ariketatxoa. Azken batean, hezkuntza eta formazio arloko profesionalok, nahiz eta hezkuntza eremu edo administrazio erakunde edo enpresa ezberdinetakoak izan, denok ikusi genuen horrelakoen premia; hau da, eremu eta erakunde desberdinetakoen informazio trukaketaren premia eta, horrekin batera, materialak partekatzeko premia ere bai.