You are here

Urtarrilaren hasieran, gurean euskara ikasten ari diren Eskola Futurako ikasleek UPV/EHUko Hezkuntza fakultatera egin zuten bisita. Eskola Futura programaren baitan (ikus http://www.zornotzakobarnetegia.eus/bloga/eskola-futura-ipar-euskal-herrian-irakasle-elebidunak-bilakatzeko-proiektua blog sarrera), Euskadiko eta Bordeleko ikasleek, bai frantsesa, bai euskara ikasteko aukera dute, etorkizunean irakasle elebidun izateko Akitaniako eskualdean.

Barnetegian, Bordeletik etorritako 7 ikasle ditugu, euskaraz ikasten eta bizitzen. Programak urte beteko edo biko trinkoak eskaintzen ditu, matrikula, ikastaro eta joan-etorriak barne. Gure ikasleak, urte beterako etorri dira, ekaina amaiera arte, eta tarte honetan B2 eta C1 mailak lortzea dute helburuetako bat, baina ez bakarra.

Izan ere,  irakasle izateko oinarri ona lortzea funtsezkoa dela uste dute eta, Barnetegian izaten ari diren esperientzia horretarako ezinbestekoa dela deritzote. Marion Aramendi da euretako bat (ikus http://www.zornotzakobarnetegia.eus/bloga/marion-eta-oihan blog sarrera) eta bere hitzetan “egun osoan gaude euskaran murgilduta, eta barnetegiko beste ikaskideekin euskaraz aritzen. Esperientzia ikaragarria da”. Ramuntxo Saint-Pé ikasleak esanak ere halaxe nabarmentzen du: “oso interesgarria da. Batzuetan oso zaila da frantsesez ez hitz egitea, baina nabari da gero eta maila hobea dudala”.

Barnetegiko 7 ikasleez gain, Bordelen beste hamar daude. Bertan, Magisteritzako 4.ikasturtea egiten, eta frantsesa ikasten. Bertara joan den Libe Otxoa de Aldaren iritziz ere, Eskola Futurak aukera paregabea eman die lan aukerak zabaltzeko, eta Ipar Euskal Herrian irakasle aritzea da bere helburua.

Argi dago esperientzia arrakastatsua izaten ari dela, bai gurean euskara ikasten ari direnentzat, bai Bordelen daudenentzat. Eskola Futurak aurrera jarraitzea da gure asmoa, hemendik aurrera ere Ipar Euskal Herrirako irakasle elebidunak trebatzen jarrai dezagun.

 

Argazkia: Urko Sánchez. UPV/EHU

Iturria: UPV/EHU-k egindako erreportajea https://www.ehu.eus/eu/-/eskola-futura-proiektuan-parte-hartzea-aukera-paregabea-