You are here

Ea! Zure ikasketa garaia iragana zein oraina izan, nork ez du Casio kalkulagailurik izan esku artean? Batzuetan, ematen du  teknologiak aurrera egin arren gauza batzuek bere horretan jarraitzen dutela, baina ez da horrela. Casiok aurrera egin du nabarmen, eta bere aurrerapen horretan, euskara ere hartu du kontuan.

Classwiz kalkulagailuari eskaini nahi diogu gaurko sarrera, kontu interesgarria iruditzen zaigu-eta. Duela urtebete merkaturatu zuten Iberiar penintsula osoan, eta erabiltzaileak oso pozik daude gailuaren ezaugarriak direla-eta. Hauek dira horietako batzuk: aurreko modeloak baino askoz ere azkarragoa da kalkuluak zein formulak egiten; errazagoa erabiltzen; barne-memoria bikoiztu egin dute; eta, pantaila LCD-ri esker, bereizmena lehengoa baino lau bider hobea da. Pozik egoteko arrazoiak, ezta? Bada, gehiago ere badira!

Hala ere, aurrekoari garrantzirik kentzeko asmo barik, aitortu behar dugu gu geu gehien pozten gaituena gailuak 2016ko maiatzetik eskaintzen duen euskaraz aritzeko aukera dela. Inongo zalantza barik, normalizaziorako bidean, urrats handia; izan ere, nahi izanez gero, hainbat eta hainbat ikasle zein langile euskaldunek erabiliko dute euren eguneroko jardueran.

Hemendik aurrera, Casio kalkulagailu bat ikustean, batek baino gehiagok, beharbada, zera pentsatuko du:  

“Euskal Herrian euskaraz
nahi dugu hitz eta jolas
lan eta bizi euskaraz eta
hortara goaz…”