Hemen zaude

Gaurkoan ere, beti bezala, guztiontzat baliagarria den informazioa zabaltzera gatoz!

Aurreko post batean azaldu genizuenez, Barnetegiko egonaldian, hainbat ekinza egiten ditugu klasetik kanpo eta horien artean, gau lasaietan, mahai jolasetara jolastea dago. Euskarazko mahai jolas dibertigarri eta, aldi berean, hezitzaileak aurkitzea ez da erraza izaten; are gutxiago, merkeak. Horregatik, eskaintza berezi bat aurkitu dugunez zuei zabaldu nahi dizuegu.

Guk batzuk erosi ditugu! Begira zein itxura ona duten!

Bizi-birzi: birziklatzea ardatz hartuta ondo pasatzeko eta ikasteko aukera.

Mahai-jolas honetan koloretako fitxak irabazteko ibilbidean agertuko diren hainbat proba eta galderak ondo erantzun behar dira. Baina ez da nahikoa izango lehenengo iristea, ezta fitxa asko pilatzea ere. Jolas honetan hondakinen kolore guztiak osatzeak du saria!

Bazen behin bizitza: kooperatiboa den aldetik, talde dinamikak lantzeko ere balio diguna.

Jolastuz batera “Bazen behin… giza gorputza” izeneko telesail ospetsuko Maisua eta pertsonaiak aztertu eta giza gorputzaren sekretu guztiez jabetzeko aukera ematen duen jolasa da hau. Kooperatiboa da: parte-hartzaile guztiak Kira sendatzeko helburua izango dute, baina lortzen ez badute, hotzeria harrapatuko du. Zailtasun maila bat baino gehiago aukera liteke.

Nairobitarra: mundua ezagutzeko aukera, euskaraz!

Nairobitarra autobusak munduan zehar egindako zenbait ibilbide betetzeko aukera eskaintzen duen jolasa da hau. Hogei urte eta milioi bat kilometrotan pilatutako esperientziak eta baloreak biltzen ditu. Fitxak aurrera eta atzera mugituz, jokalariak aukera izango du bidaietan gertatzen diren ezusteko onak eta txarrak jasotzeko, baita urrutiko herrialdeak hobeto ezagutu eta bertako biztanleen berri izateko ere.

Badakit: taldeka lehiatzeko aparta. Nor ote da jakintsuena?

Galdera-erantzun bidezko mahai jolasa da. Hasieran jasoko den euskarria kolore ugaritako sei peoirekin betetzea da helburua. Horretarako galderak zuzen erantzun beharko dira. Kolore bakoitza gai bati dagokio: Natura eta geografia; Telebista eta ikuskizunak; Ariketak; Kultura; Hizkuntza eta literatura; eta Kirola. DVDa ere badakar, telebistarekin jolastu ahal izateko.

 Atlantika: altxorraren bila joateak beti sortzen du zirrara berezia…

Arkeologo talde bat irla ezezagun batera iritsi da hegazkin istripu baten ondorioz. Zibilizazio desberdinetako jainkoak liskarturik dabiltza irlaren jabetza norena den erabaki ezinik. Egoera baretu dezakeen gauza bakarra aspaldian galdutako objektu magiko bat da: Kriptoa. Arkeologoek milaka abentura biziko dituzte objektu magikoaren bila izaki mitologiko eta jainko maltzurrei aurre eginez.

Zuek nola lortu

Etxean zaudetenean ere, zuen familia edo adiskideekin batera, euskaraz ondo pasatzeko abagunea izan dezazuen, ARGIA-k ematen digun aukera zabaldu nahi dugu zuen artean.

Horretarako, uztailaren 31 arte daukazue 10 euroren truke euskarazko jolas hezitzaileak erosteko aukera.  Webgunean bertan, denda@argia.com helbidera idatziz edota 943 37 15 45 zenbakira hots eginez eska daitezke.

Hauxe, bada,  aste honetakoa!

Datorren astean Josu Bergara abeslariari egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue.  Ordura arte, ondo pasa!

Gehitu iruzkin berria