Hemen zaude

Ez daukazu aitzakiarik!!! Irakurri nahi baduzu, irakurri ahal duzu. Beti esaten dugu ez dakigula zer irakurri euskaraz; bada geuk horren kontra borrokatu nahi dugu, eta horretarako liburu batzuk gomendatu gura dizkizugu!!! Maila ezberdinetako liburuak, gainera, guztiok irakurri ahal izateko.

4-5. urratsak > Zazpikotea euskaltegian / Zazpikotea barnetegian / Zazpikotea sagardotegian

Liburu bat irakurtzean, nori ez zaio gustatzen pertsonaiekin identifikatzea? Norberaren arazoak eta oztopoak guztienak badira, errazagoak omen dira gainditzen, ezta? Bada, euskara ikasten ari bazara eta prozesuan zure antzeko zailtasunak dituzten pertsonekin barre egin nahi baduzu, Clousseau irakaslearen eskutik zazpikote berezi bat ezagutzeko aukera duzu honako trilogia irakurriz gero.

Liburu errazak eta dibertigarriak.

 

8. urratsa > Pirtzina zilborrean

Eleberri honetan telefono dei baten berri ematen zaigu. Hiru gaztetxok telefonoz elkarri esaten dizkiotenak osatzen dute liburu osoa. Maitasun-triangelu bat osatzen dute gaztetxook eta hiruron arteko elkarrizketa da Pirtzina zilborrean eleberria.

Ahozko euskararen irudi bizi-bizia dugu. Euren arteko harremana dute hizpide eta horrek esamolde eta esaeretan bizitasun eta aberastasun handia ematen dio liburuari. Horrez gain, protagonistetako batek hikan egiten du eta ariketa interesgarria da gazteak haien arten hikan nola aritzen diren ikusteko. Dena dela, liburu erdia hikan idatzita egon arren, ikasleei ulertarraza iruditu zaie. Ahozko euskaratik hain hurbil egote horrek ere arindu egiten du irakurketa. Gazte literatura da, irakurterraza eta arina, baina interesgarria.

 

9. urratsa > Aulki-jokoa

Mundialak iruditu zaizkidan pertsonaia batzuen (Teresa, Martiña, Eulali eta Eutimio) ahotsetan maitasuna, gerra, bizitzako pasadizoak eta antzeko gaien berri ematen digu Uxue Alberdik bere lehen eleberri honetan.

Ikasleen esanetan tarteka istorioa ulertzea zaila izan arren, (hikaren erabilera, lexikoa …) liburua irakurtzea gomendatzen dizut. Izan ere, Alberdik kontatzen dituen pasadizoak irakurleontzat ezagunak dira eta identifikatuta sentitzen garenez, horrek erraztu egiten du irakurketa.

9. urratseko ikaslea bazara, animatu eta irakurri!!!

 

10. urratsetik gora > Piztiaren begiak

Alberto Ladronek idatzitako eleberri beltza dugu. 10. urratsetik gorako ikaslea bazara eta intriga liburuak gustatzen bazaizkizu, ez izan zalantzarik!! Irakurri egin behar duzu!! Lehenengo momentutik engantxatuko zara!! Egin kasu!!! Istorioa oso ondo dago garatuta eta suspensea azken momentura arte mantentzen da. Gehiagorik ez dizuet esango! Irakurtzeko gomendatzen dizuet!!!