Hemen zaude

Bukatu berri dira HABEk curriculum berria aurkezteko saioak. Saiook hiru lurraldetan gauzatu dira eta bertan HABEren didaktika arloko arduradunek azaldu dute zertara datorren curriculum berri hau eta zein diren helburuaren oinarriak. Ondorengo lerro hauek bertan aipatutakoak laburtzera datoz, gauzak zertan diren argitzeko asmotan.

Curriculum berri hau egungo egoerari erantzuteko sortua da, eta egoera berri horretan aipamen berezia merezi dute Europako Markoak eta C2 mailak. Kontuan izan behar dugu aurreko curriculuma 1999. urtekoa dela eta Europako Markoa 2001ekoa; 4. Maila 2006an arautu zuen HABEren Zuzendaritza Batzordeak. Beraz, 1999koak ezinezkoa zuen bi horiek jasotzea.

Curriculum honen helburua da, gainera, HABEri eta HABErekin lankidetzan arituko diren erakunde guztiei euskararen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako gidalerro nagusiak eskaintzea. Eta, horretarako, ikas/irakas-eduki eta helburu mailan A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen gidalerroetan oinarrituko dira.

Curriculum honen oinarriak, baina, bi izango dira: gaitasun komunikatibora eta ekintzara bideratutako ikuspegia eta ikaslearen autonomia. Hizkuntzen ikaskuntzarako metodologietan eragina duten zientzien ekarpenen baitan, curriculum honek ikaskuntzaren ikuspegi komunikatibo, eraikitzaile eta ekintzara bideratuta du abiapuntu eta ardatz. Ikuspegi honen arabera, ikaslea edo/eta hizkuntzaren erabiltzailea ekintzak burutzen dituen gizarte-eragilea da eta horiek hizkuntza-ekintza komunikatiboen bidez gauzatzen ditu.

Curriculum hau printzipio nagusi batean oinarritzen da: hitz egitea gauzak egitea da, eta eginez ikasten da egiten. EGIN da printzipio horretan hitz gakoa. Egitea da helburua.

Oinarri eta printzipioak alde batera utzita, curriculum honek beste berrikuntza bi ere baditu; lehenengoa, maila bakoitza lortzeko denboralizazioa ez da lineala, orain arte bezala. Orain arte maila bat lortzeko 200-300 ordu behar baziren, hurrengoa lortzeko beste 200-300. Orain ez, orain maila batek bere baitan hartzen du/ditu aurrekoa/aurrekoak; beraz, lehenengo mailari eskaini beharreko denboraren bikoitza beharko du bigarrenak, eta hurrengoak aurrekoaren bikoitza. Hala ere, ikaslea da ikas-prozesuaren ardatz, eta ikasleak behar du izan prozesuaren ardura; horregatik, maila bakoitzean aurreikusten diren orduetatik, denak ez dira ikasgela barrukoak izango; batzuk izango dira ikasgelakoak eta beste batzuk bakarkako lanekoak, ikasleak bakarrik burutu beharrekoak.

Aurreko guztiak maila kontzeptualean oso harrera ona izan badu ere, bere ilunak ere baditu. Aurkezpenetan egindako kritikarik gogorrenak bi atal hauetan koka ditzakegu: curriculum berria aldaketa da, eta aldaketa hori gauzatzeko nolako baliabideak, nolako denboralizazioa, nolako prozesua gauzatu nahi den ez dago argi; bestela esanda, curriculum berri hau behin onartuta, hortik aurrerakoa nola gauzatuko den eta zer giza baliabide eta baliabide material jarriko den guztia behar bezala egiteko ez ditu HABEk oraindik aurreikusita. Gainera, aurreko curriculumak 15 urteko ibilbidea egin ondoren, ez du inolako jarraipenik izan, ez dago inolako ebaluaziorik eginda, izandako 15 urteko esperientzia hau ez da ezertarako baliatu oraindik, behintzat.

Bigarren kezka, bestetik, hau da: curriculum honek ikaslea hartzen du ardatz, eta ikasteko denbora ez da gela barrukoa bakarrik, ikasleak gelatik kanpora ere ikasteari denbora eskaini beharko dio. Ikastea prozesu aktiboa delako eta ikasleak ikasle estrategikoa izan behar duelako. Baina, zoritzarrez, ikasle asko ez dira estrategikoak, ezta autonomoak ere. Bizi garen gizartean dagoen eskola porrota da horren adierazle, gainera. Beraz, ez dago argi, euskaltegietako irakasleen artean, nahikoa izango den ikasleak etxeko lanez zamatzea estrategikoak ez direnak estrategiko bihurtzeko.

Orain arte aipatutakoak dira, beraz, saiootan esandakoak. Egia da edozein aldaketak urduritasuna eta egonezina sortzen duela; era berean, egia ere bada, aldaketa bat arrakastatsua izango bada, lan handia eskatzen duela. Dena den, bidearen hasieran baino ez gaude, eta martxoaren 15era arte dokumentua bera aztertu eta iradokizunak egiteko garaian gaude. Gero behin betiko dokumentuarekin batera etorriko dira bestelako zehaztasunak, eta espero dezagun denon artean gauzak ondo egiten asmatzea.