Hemen zaude

Uztailarekin batera, udako martxa ere heldu da Zornotzako Barnetegira, eta urtero moduan, irailera arte luzatuko da. Ikastaro bakoitzak, gutxi gorabehera, 15 eguneko iraupena du, beraz, 6 ikastarok osatzen dute gure uda.

Barnetegiaz berba egitean, sarritan agertzen da ohiko galdera: “… eta zer egiten da, ba, Barnetegian??” Eta berba egitean ez bakarrik, berton ere hainbeste dei edota mezu jasotzen dugu aipatutako zalantza argitzeko helburuz. Hori dela eta sortu da gure blogean ahalik eta zehatzen barnetegiko udako egonaldia zertan datzan azaltzeko nahia.

Berton, eguna, 8:00etan hasi eta janez hasten dugu. Gauza bi hartu behar ditugu kontuan!! Lehenengoa: Euskaldunak garen aldetik, jatunak gara. Bigarrena: 7 eskola, 2 kanpo ekintza eta 24 euskara ordu hartzen dugun aldetik, horri aurre egiteko jan egin behar da. Gosaltzeko ordu erdi hartzen dugu; beno, gosaltzeko eta motorra berotzeko!!

Eskolak 8:30ean hasten dira, eta goiza horretan ematen dugu: ikasi, ikasi eta ikasi!! Horregatik, hasi baino ez, esan dugu bapo gosaltzea ezin bestekoa dela, 14:00ak arte klasean, jandako guztia erraz erretzen da_eta. Hala ere, ez pentsatu bihotz gabeko batzuk garenik!! Ea gero!! Hamaiketakoa ere geure- geurea da, eta ez dugu, inondik inora, barkatzen!!

11:30ean, beraz, “gasolina” hartzeko ordua da, eta, nola ez, gure taberna, Rosak (gure sukaldariak) egindako patata tortilla eta Iratxek (gure tabernariak) egindako kafeari esker _biak ere egin berri eta gozo_ , leku ezin aproposagoa da. Batzuek, baina, paseoan joan nahiago izaten dute; bada, horretarako ere aukera itzela Larreak, gure auzoak, ematen duena. Hori bai, luzatu barik, atsedena ordu erdikoa da_eta!!

“Jolas-ordutik”, txikitatik ondo ohituta gauden bezala, atzera ere klasera. Aholkutxoa!! Pintxoa eta kafea hartzen dutenek hobeto heltzen dira 14:00etara!! Baina egon trankil, hori bigarren egunetarako guztiok ikasten baitugu, eta ondo ikasi, gainera!!

14:00etan bazkalordua da. Barkatu!! Hobe esanda, euskaraz bazkaltzeko ordua. Barnetegian, jakina, den-dena egiten dugu euskaraz, baina bazkalordua_ beharbada ordu eta erdiko tartea delako eta irakaslerik gainean ez daukagulako_barnetegikideekin ohitura sortu eta trankil aritzeko momentua da. Harreman guztiak sortzen dira horrela, baita euskaldunak ere!!

Bazkaldu ondoren hainbeste gauza egiteko astia dago: karpapean kafea hartu, siesta egin, gure tabernara joan, irakurri, paseoan joan, eguzkitan jarri, egonean egon, … norberak berea!! Gu horretan ez gara sartzen, beti ere, euskaraz bada!! Eta konturatu orduko, ikasgelara bueltatu behar!!

Eta hau da egunaren lehenengo zatia; bigarrena... laster argitaratuko dugu!!

...