Usted está aquí

Bukatu da! Gaur da udako ikastaroetako azken eguna barnetegian! Uztailaren 1ean hasi eta gaur arte, 12 eguneko 6 ikastaro bizi izan ditugu gurean. Bai, bai. Sei trinko, jaun-andreok!

Atzera begiratzen duzuenean, zeuen guztion buruetara oroitzapen on-onak etortzea espero dugu. Adibidez,  lehen eguneko urduritasuna ikaskide eta irakasleak ezagutu arte, logelakideekin egindako negoziazio prozesuak, bazkalosteko kafea edo ibilalditxoa, euskaraz egindako parranda txiki zein handiak eta beste hainbeste kontu (Tim gure tabernariaren garagardo dastaketak barne!).

Guri dagokigunez, aurten saiatu gara eskaintza inoiz baino zabalagoa izan zedin, adibidez, igandeetako txangoekin, leku berriak ezagutu zenitzaten, beti ere euskaraz inguraturik. Horrez gain, arratsaldeetan ere aurreko urteetan egin gabeko ekintza berriak (gehi betiko klasikoak) sartu ditugu. Espero dugu gozatu izana prestatutako irteera eta tailerrekin!

Hala ere, argi dugu esfortzu handiena zeuek egin duzuela 12 egunean, egunez eta gauez euskaraz egiteko konpromisoa hartu eta mantendu duzuelako. Hala da, bai, eta horrek ondo merezi du zorion bero bat, beraz, zorionak!! Lanera bueltatzeak ez dezala orain arte egin duzuena gelditu! Badakigu sarritan nagia ematen duela urtean zehar eskoletara joateak edo online ikasten jarraitu beharrak, baina, egin kasu; ez utzi! Uda honetan barneratu duzuen guztia izan dadila hemendik aurrera ikasiko duzuenaren oinarri.

Datorren urtean, berriz  elkar ikusten dugunean, zuen ahotik beste behin entzun dezagun hainbeste pozten gaituen esaldi hau:

“Ezetz jakin zer! Gaur gauean EUSKARAZ egin dut amets, eta amets horretan oso ondo hitz egiten nuen!!”