Usted está aquí

Teknologia berriak, ingurune digitala, IKTak... Sarritan, ez dugu argi izaten zein maila dugun arlo digitalean, ezta asko ala gutxi dakigun edota eguneratuta gauden ala ez. Horri nolabait konponbidea jartze aldera, Asmoz Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin, Digitalki webgunea garatu du.

Doako zerbitzu honek bi helburu argi ditu; batetik, erabiltzaileok konpetentzia digital ezberdinetan zein maila dugun jakitea, eta hori neurtzeko, errealitatean ematen diren jarduera edo ariketak erabiltzen ditu sistemak. Aipatu behar da lortutako diagnosiak guztiz anonimoak direla.

Bestetik, behin norbere ahulguneak ezagututa, gabezia zehatz horiek hobetzeko aukera ematen du webguneak, eta, horrez gain, konpetentzia konkretu bakoitzerako gomendio espezializatuak ere bai. Web orrian bertan azaltzen denez, landu beharreko probek Europar Batasunak ezarritako DIGCOMP 2.1 markoa betetzen dute, eta 21 konpetentzia neurtzen dituzte 5 taldetan sailkatuta. Konpetentzia bakoitzeko lehenengo 2 mailak aztertzen dira. Gainera, maila bakoitzean, gutxienez formazio-gomendio bat egongo da.

Ez dezagun ahaztu egunerokoan gero eta gehiago erabiltzen ditugula konpetentzia digitalak, eta ezagutza maila gero eta hobea eskatzen zaigula ia arlo guztietan. Beraz, tresna oso erabilgarria dugu denon eskura. Aurrerapausoa egin eta ekin diezaiogun, bada, gure maila digitala ezagutu eta hobetzeari! Hona hemen zuzenean sartzeko lotura: https://gaitasundigitala.asmoz.org