Usted está aquí

Aspaldian ez dizuegu irakurketa gomendiorik egin, eta horretan gatoz gaurkoan blogeko asteko sarrera honetan. Bi liburu ekarri dizkizuegu, testuinguru eta izaera guztiz ezberdina dutenak. Lehena, Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, 2018ko azaroan argitaratu berria; bigarrena, Danele Sarriugarteren Azala erre, hau ere iazkoa.

Fakirraren ahotsa

Imanol Lurgain, ezizenez Fakirra, musikariak Franko garaian erregimenaren aurka borrokatzen du berak duen tresnarik onenarekin, bere doaiarekin, ahotsarekin. Klandestinitatea eta erbesteko bizitza, musikari eta artistek izan ohi duten bohemiotasuna, 40 urtetan harremanak eta norberaren ikuspuntu eta ziurtasunak nola alda daitezkeen …

Hainbeste dira liburu honetan, Fakirraren bizipenen bitartez, idazleak planteatzen dizkigun hausnarketak. Pertsonaia nagusia Imanol izatearen arrazoia galdetzean, Harkaitzek “bere legeen arau bizi zen kantaria zela” aipatzen du. Horrez gain, bere ustez, euskaldunontzat garrantzitsuak izan diren garai, leku eta gertaera askoren arteko bizkortzaile edo “tximistorratz” ere izan zen Imanol. Pertsona publikoa pertsonai bihurtua.

Benetan gustura irakurtzeko nobela Fakirraren ahotsa.

 

Azala erre

Lan hau aukeratzearen arrazoi nagusia aitortuko dizuegu. Gogoratzen duzue nola komentatu genuen mastodon.eus euskal fedibertsoan Irakurle klub edo talde bat sortu dela, eta otsailean hasiko ginela lehen liburua irakurri eta komentatzen? Hauxe izan da, bada, talde sortu berri horretako guztion artean, bozka bidez, aukeratutako irakurgaia. Zelan ez, zuek guztiok ere animatu nahi zaituztegu gu guztiokin batera irakur dezazuen. Lasai! Ez duzue zertan mastodon kontua sortu; #RSS bidez jarrai dezakezue www.mastodon.eus/users/elegose.rss esteka erabiliz.

Zenbat aldiz galdetu diozue zeuen buruari aurrean duzuena artelana ala txatarra zati bat den? Artistak ala haren seme-alabek egina den? “Zenbat da obra eta zenbat artistaren marka?” Daneleren liburuan, artea guztiz ezberdin ulertzen duten bi artista, haien arteko talkak eta hortik sortzen diren galdera zein hausnarketak dira protagonista.

Gogotsu gaude irakurtzen hasteko! Lagunduko gaituzue?