Usted está aquí

ETB1eko Arte[faktua] saioa aurkeztu nahi dizuegu gaurkoan.

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/artefaktua/

 Literaturarekin lotutako saioa da, ordu erdi inguru irauten du eta, benetan, ikustea merezi du. Sarri ibiltzen gara denok euskaraz irakurtzeko material bila; ikasleen kasuan, askotan, euskal idazleak hain ezagunak ez agian, eta ez da erraza izaten zer irakurri hautatzea.

Horra hor, bada, arrazoietako bat. Izan ere,  Yolanda Mandiolak aurkezten duen saio honetan, idazleak gertutik ezagutu ditzakegu: haien ikuspuntua, estiloa, izaera, azken lanaren printza batzuk … Idazleak, gainera, bere lagun bat ekarri ohi du saiora, hura ere elkarrizketaren parte izan dadin. Beraz, modu erraz eta atsegina dugu idazleok eta berauen lana ezagutzeko.

Ez da hor bukatzen, ordea, Arte[faktua]-ren interesa. Literaturan dauzkagun nobedadeak ere aurkezten baitizkigu, egunean egon gaitezen. Horrez gain, zer irakurri erabakitzen laguntzeko, irakurle eta liburu saltzaileen gomendioak  ere eskura dauzkagu bertan, booktuberrenak adibidez.

Orain arte kontatutako guztia informazioa jasotzeko izan da, ezta? Bada, booktuberren kontuan, geu ere iritzi emaile bihur gaitezke. Bai, bai. Aukeratu gustuko liburu bat, euskaraz ala erdaratan;  prestatu 2 minutu inguruko gidoi labur bat (izenburua, egilea, gaiari buruzko pare bat kontu, nori edo zergatik gonbidatu, deigarria egin zaigun zerbait …) eta  liburua eskuetan, euskaraz grabatu, besterik ez! Erraza benetan!

Ziur gaude baduzuela gainontzekookin partekatu nahi duzuen liburu bereziren bat! Irakurketa bukatzeak pena eman zizuen hura … Badakizue zein, ezta?

Konta iezaguzue, mesedez! Geuk ere irakurri nahi dugu-eta!