Usted está aquí

Badira aste batzuk Euskaraldiaren berri izan genuela; hilabete pare bat ere izango dira ekimena aurkeztu zenetik, eta heldu da Zornotzan lanari ekiteko garaia. Has gaitezen, ba, motorrak berotzen!

Lehenengo eta behin, premiazkoa da datu batzuk zabaltzea! Zornotza herri euskalduna dena denok dakigu; datuak, zehatzago, hauek dira: 18.700 biztanleen %52,9k ondo daki euskaraz, eta %22,7k, hitz egin ez arren, ulertu egiten du. Baina ezetz jakin herrian sortzen diren elkarrizketen %23 besterik ez dena euskaraz! Kezkatzeko moduko datua; eta, zalantza barik, aldatu beharrekoa!

Eta zuon galdera hauxe izango da: eta zelan aldatu datuak? Argi eta garbi, hizkuntza-ohiturak aldatuz; norberarenak zein kolektiboenak. Erdararako joera apurtu behar dugu, eta hori, zornotzarrok, gure ardura da. Egia da horrela esanda zaila ematen duela; nondik hasi ere ez dakigu herritarrok. Baina hori ez dadila izan aitzakia; izan ere, Kike Amonarriz laguntzeko prest dugu, eta horrek badaki!

Hortaz, Zornotza euskalduna gure baduzu, zeuk ere baduzu hitzordua otsailaren 28an  Amonarriz jaunarekin! 19:00etan, Zelaieta Zentroan. Hantxe elkartuko gara!