Usted está aquí

Indartsu dator ETB1 2018rako. Martxan dauden telesaioak eta laster baino lehen estreinatu behar direnak kontuan hartuta, esan liteke gustu guztietarako aukera izango dugula aurten. Ea! Eta zer dakar, ba, urte berriak? Ikus dezagun, gainetik ez bada ere!

Hasteko, Merlí aipatu nahi dugu, plan ezin hobea iruditzen baitzaigu igande iluntzerako. Merlí filosofia irakaslea da; baina ez da, antza, gainontzeko irakasleak bezalakoa. Bere metodo ortodoxoek, ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatzeaz gain, muturreko iritziak sortzen dituzte ikasgela, irakasle-gela zein etxeetan. TV3k katalanez sortutako telesaila dugu, eta ez da erronka makala izan, euskal profesionalentzat, bikoiztu behar izatea. Baina lortu dute, eta igandetik aurrera, ikusteko aukera izango dugu.

Aste barrurako ere, badugu hitzordurik; euskal kulturazalea bazara, asteazkenetan Kike Amonarrizekin, hain zuzen ere. Oraingo honetan, Sagak izeneko saioa dakarkigu; hau da, Euskal Herriko familia kirolariak, bertsolariak, artistak … Izango dugu, beraz, betiko moduan, Kikerekin zer ikasi. Ea Enbeitatarrek zer dioten datorren astean.

Hala ere, asteazkenekoa ez da izango aste barruko hitzordu bakarra. Ez, gero! Adi, mendizaleok! Gailurra Xtrem: Perdido ere badator! Ibon Gaztañazpi, 12 lehiakide, Pirinioetako GR11ko 300 km (Irunetik Monte Perdidora) 8 etapatan. Beste daturik ez da behar susmatzeko lehiaketa ikusgarria izango dela, ezta?

Eta aurreko guztia, euskaraz! Kanpoan neguak gogor jotzen duen bitartean, gu etxeko sofan, gozo-gozotan, euskaraz!