Usted está aquí

Zornotzako Barnetegia kudeatzen duen Aurten Bai Fundazioak Eskola Futura egitasmoan iparraldeko ikasleak  euskaraz gaitzeko ardura duena da, eta bi ikasturteko proiektua bada ere, bigarren promoziorako aurkezpenari heltzeko unea heldu denez, orain artekoaren balorazioa egiteko garaia ere badugu.

Zornotzako Barnetegiak 25 urte beteta ditu eta urte hauetan guztietan ekimen eta proiektu desberdinetan parte hartu izan du: Argentinako euskal etxeetakoentzako euskara eskolak, Boiseko euskara eskolak, Poznaneko Adam  Mickiewicz unibertsitateko euskara irakurlegoa, IRALE eta IVAP programa barruko euskara eskolak, BOGA autoikaskuntzako programa, … Ibilbide eta parte hartze zabala izan badugu ere, oso pozgarria eta ilusioz beterik heldu diogu Eskola Futura egitasmoari, batetik, orain arteko ibilbideari bide berriak zabaltzen dizkiolako; bestetik, Akitania Berrira hurbiltzeaz gain, lan esparru berri batera eraman gaituelako.


Barnetegiaren eskaintza maiztasun handikoa da, 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen duena, ikasi eta euskaraz bizi uztartzen duena. Horrela, gure asmoa ez da soilik euskal hiztunak lortzea, gure asmoa ikasleak euskaraz gaitzeaz gain, euskara zale bihurtzea ere bada, eta azken eginkizun horretarako Eskola Futura egitasmoak oso lur emankorra eskaintzen digu. Egitasmo honek euskararen zabalkuntzarako eta normalizaziorako duen izaera biderkatzaileari esker, prestatzen ari garen irakasleek euskarari bultzada garrantzitsua emango diotelako, euskara harreman hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izango dutelako.

Baina, balorazioa egiteko Zornotzako Barnetegian ditugun ikasleen ibilbidearen balorazioa ere egin behar dugu, eta horretan ezin harroago egon. Ikasleak gogoz ari dira euskara ikasten, eta lortutakoa benetan harrigarria da: batek C1 maila egiaztatuta, jada; A2n mailan hasitako ikasleek B2 maila dute egiaztatuta eta C1n ari dira, A1 hasitakoek, berriz, batek B2 egiaztatuta du eta bestea horren bidean dago, eta hori guztia 5 hilabetetan. 


Bukatzeko,  aitortu benetan aberasgarria izan dela egitasmoan orain arteko partaidetza, nahi izateak norainoko indarra duen erakutsi digulako eta, benetan, harro sentiarazten gaituen egitasmoa delako.

 

EITBko albistegietan (4'30'' unean hasita)