You are here

Abuztua bukatzear da, eta, berarekin batera, baita gutako askoren oporrak ere. Lanera itzultzea samurragoa izan dadin, hainbat eta hainbat aholku irakurri, entzun eta ikusi ahal izango ditugu, ziurrenik, hedabide gehienetan. Izan ere, urtero gauza bera gertatu ohi da.

Ideia horien guztien artean, sarritan aipatzen diren aholkuak dira hobby edo zaletasunen bati berriz ekitea, edota zerbait berria eta gustukoa hastea. Azken honi heltzea erabaki dugu guk, eta zuek ere animatu nahi zaituztegu. Goazen, bada!

Hasteko, pista batzuk emango dizkizuegu:

  • Desiratzen egongo zarete egunero egin ahal izateko
  • Pare bat minuturekin nahikoa izaten da. Normalean, gutxiago irauten du; zenbat eta arinago amaitu, hobeto! Markarik onena 20s da.
  • Astero, saria dago onenarentzat
  •  15.000 lagun ibili gara iaz, jo eta ke, kontu honekin guztiz harrapatuta
  • Asko eta asko, “bizkotxoa, kafea edo harrikoa jokoan dutelako engantxatu dira”
  • Geometria, artea, matematika, txutxu-mutxuak eta beste hainbeste gai agertzen dira
  • Asmatu al duzue zer demontreri buruz ari garen? Ez? Egunean Behin hamar galdera erantzun behar direla  esanez gero? Appur bat argiago orain?

Jaun-andreok! Euskal Herrian iaz lehia sutsua sortu zuen Egunean Behin aplikazioari buruz hitz egiten ari gara! Bai, bada! @CodeSyntax-ek garatu zuen, eta bakarka zein taldeka jokatuta, joan den ikasturtean arrakasta itzela izan duen lehiaketari buruz, hain zuzen ere. “Egunean minutu pare batez euskaraz jokatzeko aitzakia ematea” izan zen sortzaileen helburu nagusia, eta lortu dute, bai horixe!  15.000 lagun gaude guztiz, erabat, kateatuta! Irailaren 16a noiz helduko irrikaz, orduan hasiko baita berriz aurtengo lehiaketa!

Beraz, zuek euskara ikasteko modu dibertigarri, arin eta oso ona iruditzen zaigunez, eta gu zein engantxatuta gauden kontuan izanda, bene-benetan gomendatzen dizuegu Egunean Behin deskargatzea.

Doakoa da, euskaraz da, mundiala da! Lehiatuko gara?

https://www.codesyntax.com/eu/proiektuak/egunean-behin