You are here

Gaurkoan gai bakarra izan beharrean, kontu birekin gatozkizue. Biak ala biak lehendik daude erabilgarri sarean, baina, kontuan izanda zenbat gauza agertzen diren egunero, pentsatu dugu bi hauek berriro hemen aipatzea interesgarria izan daitekeela zuontzat.

Lehenik eta behin, #Datraolat aplikazioa daukagu. Twitterren txioka ibiltzen zaretenok badakizue zein deserosoa den euskaraz traola (#euskara) edo erabiltzaile-izenak (@ZBarnetegia) deklinatzea; izan ere, gidoi, hutsune, marra, komatxo eta abarrak erabili behar izaten ditugu marka jarri ahal izateko, eta gauza bera posposizioekin.  

Bada, @iametza interaktiboan Firefox eta Chromerako #Datraolat aplikazioa garatu zuten arazo horiek sahiesteko. Instalatu ondoren, txioak modu naturalean idatzi ahal izango dituzue, eroso, hitzak zatitzen ibiltzeko beharrik gabe.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Datraolat gehigarriaren orrian duzue dena pausuz pausu azalduta. Oso erraza da eta asko gozotuko du zuen twitterreko jarduna. Gainera, software librea da.

Bigarrena, Tori.eus tresna dugu. Honen helburua sarean fitxategi handiak partekatzea da, eta euskaraz dagoen bakarra dugu.  Gehienok, sarean fitxategiak konpartitzeko posta elektronikoa erabili ohi dugu, eta artxiboak handiegiak direnean, lainoan dauden hainbat zerbitzu (Mega, Google Drive, Dropbox…).

Zer gertatzen da hirugarren bati fitxategi horiek bidali behar izanez gero? Batez ere, ingelesez dauden zerbitzuak erabiltzen direla, eta, normalean doan eskaintzen dutena oinarrizko bertsioa izaten dela; gehiago nahi izanez gero, ordaindu egin behar. Beraz, hori konpondu nahian, PuntuEUS Fundazioak Dinahosting enpresarekin batera Tori.eus zerbitzua jarri zuen martxan. Euskaraz, doakoa eta librea izateaz gain, beste hainbeste ezaugarri interesgarri ditu, lotura honetan ikusgai.

Beraz, hasieran aipatu dugun moduan, berriak izan ez arren, oso erabilgarriak dira, eta asko erraztuko dute gure jarduna sarean. Erabil ditzagun, bada!

 

 

 

Iturriak: www.argia.eus eta www.sarean.eus