You are here

Oraingoan ere liburuekin lotutako web orrialde batekin gatoz, irakurketari dagokion garrantzia eman nahi diogu-eta! Booktegi du izena lekuak eta bertan azaltzen den moduan, ‘Book’-ek ‘liburu’ esan nahi du ingelesez; in Basque ‘tegi’ means ’a place for keeping things’. Beraz, liburuak gordetzeko lekua dela esan genezake, baina hori baino askoz gehiago da:

  • Booktegi.eus-en, mota guztietako euskarazko liburuak aurkituko dituzu.

Fikzioa, saiakera, drama, poesia, gazte literatura, erreportajeak, baita ingelesera itzuliak ere. Ez hori bakarrik, idazleei egindako elkarrizketak ere ikus daitezke, edota beraien biografiak eta eurekin lotutako loturak jarraitu (liburuen aurkezpenak …) sakondu nahi izanez gero. Audio atala ere badago; bertan, idazle zein beste pertsona batzuek irakurritako liburuen zatiak entzun daitezke. Bertsoak, ipuinak, pasarteak eta abar, hau da, entzutezko literatura.

  • Liburuak dohainik deskarga ditzakezu. Eta lagunei gomendatu.

Deskargatzeko ez da zertan izena eman, ezta norbere daturik ere. Doakoa da, eta aukeratutako liburua deskargatu besterik ez dago; unean bertan, gainera, lagunei liburua gomendatzeko bidea ematen da.

  • Harpidetzen bazara, azken liburuen berri jasoko duzu e-postaz.

Esan bezala, harpidetza aukerakoa eta doakoa da. Informazio eguneratua lortzeko balio du eta e-posta ematearekin nahikoa da. Zerbitzua bertan behera utzi nahi izanez gero ere, oso erraz egin daiteke.

  • Liburuak dohainik plazara ditzakezu, gure baldintzak betez gero.

Bukatzeko, eta norbaiti idazle grina piztu baldin bazaio, hementxe dauka sortutako lana argitaratzeko aukera ezin hobea. Hau ere, dohainik! Hori bai, booktegikoen esku dago azken hitza, hau da, bidalitako obra plazaratu ala ez.

Beraz, bukatzeko, sarri esaten dugun legez, sartu eta kuxkuxeatu!  Irabazteko asko daukazue.