You are here

Kirolak gaur egun arrakasta handia duena ukatzerik ez dago. Zahar zein gazte, euskaldun gehienok daukagu harremanik kirolen batekin. Kirolariak garela, kirolzaleak garela, hainbatetan egiten dugu berba kirolaz; eta gure umeok, ere bai. Zein hizkuntzatan? Bada, batzuek, euskaraz, jakina; baina askok eta askok, erdaraz. Alegia, horrek ekarri du Euskal Kirolari egitasmoa sortzeko beharra.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak burututako proiektua dugu Euskal Kirolari, eta helburu nagusiak argiak bezain beharrezkoak dira. Alde batetik, diziplina ezberdinetako goi mailako kirolariak erreferente bihurtzea dute asmo; hau da; kirola eta idoloak: osagai ezin eraginkorragoak euskararen normalizazioranzko beste pausu bat emateko. Beste alde batetik, terminologia ere bada proiektuaren erronketariko bat; izan ere, kirol batzuei lotutakoa oso hedatuta dagoen arren, hainbat eta hainbatetan, ez da horrela. Hiztegia egon badago, beraz, erabilera da bultzatu beharrekoa, eta horretan ahaleginduko dira aipatutako erreferenteak.

Xedeak ikusita, horrela definituko genuke guk proiektua: #EuskalKirolari #euskara #gazteak #kirola #mintzatu #kalea ; benetan nahaste polita! Baina, zelan ailegatuko dira kirolariak gazteengana? Bideoen bidez. Zalantza barik, teknologia berriak baliatzea da horrelako egitasmoetarako biderik zuzenena. Euskal Kirolarik bere kanala izango du Youtuberren, eta bertan kargatuko dituzte grabatutakoak.; zabaltzeko, ordea, Instagram, Facebook eta web orria erabiliko dituzte.

Eta zelako edukiak izango dira? Bada, bideoak lau taldetan sailkatuko dira: Pilulak atalean, azalpen praktikoak topatuko ditugu; Gertutik atalean, kirolariak ezagutzeko aukera izango dugu; Erronka atalean, kirolarien arteko lehiak ikusiko ditugu; eta Autoan atalean, kotxean doazela, gai ezberdinez berbetan entzungo ditugu euskal kirolariak.

Zer diozue? Itxura ona, ezta? Itzela! Baina, oraindik apur bat itxaron beharko dugu ikusi ahal izateko! Hain zuzen ere, 2017ko azken asteetara arte ez ditugu lehenengo bideoak ikusiko. Esan liteke, beraz, opari ederra ekarriko digula aurten Olentzerok!

Euskal Kirolari arrakastatsua izango ahal da!