You are here

Proiektuaren aurkezpenean, Beñat Arrabitek azaldu bezala, euskara/frantsesa irakaskuntza elebiduna asko garatu da azken hamarkada honetan Ipar Euskal herrian; horrek ekarri du 2004tik, EEP sortu zenetik, 42 sail elebidun berri irekitzea, 91 eskola publiko elebidun izatea (eskolen erdia baino gehiago) eta 5.445 ikasle sail elebidun publikoan eskolatuta izatea. Eta espero bezala, horiei guztiei erantzuteko, gero eta euskara irakasle gehiago behar dira Ipar Euskal Herrian. Momentu honetan, baina, ezin dira irakasle izateko konkurtsoetan eskainitako lanpostu guztiak bete, eta joera hori azken hiru urteetan errepikatu izan da.

Panorama honetan, dagoen eta aurreikusten den irakasle premia horri erantzuteko asmoz, EEPk, Hezkuntza Nazionalak eta Unibertsitateek elkarrekin, ESKOLA FUTURA plana garatu dute.

Honela, ESKOLA FUTURA horren barruan, aurreikusita dago Hego Euskal Herrian irakasle eskoletan ikasketak burutzen ari diren hamar bat ikasle euskaldunek urtebetez frantsesa ikasteko parada izatea Bordelen, behin formazioa amaituta, frantses hezkuntza sare publikoan jarduteko gainditu behar den azterketara aurkeztu ahal izateko. Eta, aldi berean, Akitania Berriko unibertsitateetako bi promoziok (promozio bakoitzeko, 10 ikasle) urtebetez formazio intentsiboa jarraitzea Zornotzako Barnetegian, euskaraz gaitzeko eta horiek ere Ipar Euskal Herrian euskara-irakasle izateko konkurtsoan aurkeztu ahal izateko.