Hemen zaude

Bera Iñaki den arren, izen artistikoa Sun Magoa du. 30 urtera ez da heltzen, baina gauzak oso argi ditu aspaldian. Zornotzako Barnetegian dabil bere euskara hobetzeko asmotan, ez da irribarrea erraz galtzen duen horietakoa.

Iñaki, zer da magia? Zelan da bere definizioa?

Nire ustez, magia ezinezkoa dena bidegarria egitea da. Lortu ezin dena lortzea da, alegia. Oso garrantzitsua da grazia izatea eta komunikatzaile ona izatea ezinbestekoa da, publikoaren arreta erakartzeko. Beraz, magia zera da: psikologiaz jakitea, berba ondo egitea, ondo komunikatzea, dantzan edota mugimenduan jakitea eta batzuetan antzerkian aritzea da. Faktore horiek guztiak lotu behar dira magoa izateko.

Iñaki, magoa izateko non ikasi zenuen, non egin zenituen zure ikasketak?

Txiki-txikitatik magoei begira geratzen nintzen aho bete hortz. Ordutik argi nuen handitan magoa izango nintzela. Hori lortzeko, hasieran liburu batzuk erabili nituen trukoak-eta ikasteko. Ni gasteiztarra naiz, eta bertan mago batzuk bizi dira, horiekin ere asko ikasi dut, eta ikasten dut, noski. Honez gain, Gasteizen magia ikastaro bat egitea zegoen lehen (egun bertan behera geratu da, krisia dela-eta). Magia Elkartean izena eman nuen, eta hango lagunekin ere ikasten dut. Urtero-urtero Nazioarteko Magia Jardunaldiak ospatzen dira gure hirian, eta mundu osoko mago asko etortzen dira gurera. Bertan ere asko ikasi dut Gasteiztik atera barik. Beraz, argi dago gurea etengabeko formakuntza dela.

Aurrekoa kontuan hartuta, erantzuna zein den badakigu. Baina nik galdetu egingo dizut: gustuko duzu zure lana?

Jakina! Inolako zalantza gabe, ilusionismoa da bizitzan gehien gustuko dudana. Eta hori nire ogibide bihurtzea kontu ederra da, benetan. Euskal Herrian herriz herri, eskolaz eskola joaten naiz. Gustuko dudana egiten dut, eta ordaindu egiten didate! Zer gehiago eskatuko dut, bada? Pribilegiatua sentitzen naiz.

Zein da zure magorik gogokoena?

Magiak alderdi asko ditu. Kartetan onena inolako zalantzarik gabe Juan Tamariz espainarra da. Egun bera da munduko onena arlo horretan. Ilusionismoari dagokionez, onena David Copperfield da. Jendea desagertarazten du, edota lagun bat erdibitzen du, besteak beste. Badakigu hori ezinezkoa dela, baina ilusio hori sortzeko gai da. Horregatik, orain dela 2 urte Copperfielden bidea jarraitzea erabaki nuen. Magia mota hori handia eta ikusgarria da. Hala ere, magia mota hori egiteko, azpiegitura behar da. Tramankulu handiak eta kutxak gordetzeko, biltegi handia behar da; kamioa ere behar da gauzak horiek mugitzeko. Baina, nire ustez, magia mota hau onena da. Ilusionismoa egitea merezi du, zinez.

Beraz, zure ikuskizunak egiteko gauza asko behar dituzu?

Orain dela 15 urte hasi nintzen, eta bakarrik maleta bat behar nuen. Maleta eskuan, herririk herri joaten nintzen garai hartan. Gaur egun, ordea, nire ikuskizuna burutzeko azpiegitura handia behar da: soinuak, argiak, talde teknikoa, neska bat edo bi, laguntzaile bat kutxak ekarri eta eramateko eskenatokitik, baita kamioa garraitzeko eta tramankuluak gordetzeko ere. Horrez gain, gogotik entseatu behar dut. Izan ere, joku batzuk oso arriskutsuak dira, eta oso-oso ondo atera behar dira. Bestela laguntzaileak min handia har dezake.

Aipatutako tramankuluak, kutxak-eta oso garestiak dira. Nik inbertsiotzat hartu dut kontu hau. Izan ere, gure herrian txokotxo bat egitea lortuko dudala uste dut. Euskal Herrian beste magu batzuk badaude. Horregatik, magia mota hau, hau da, ilusionismoa egiten dut, nolabait besteegandik bereizteko.

Zure ustez, edonor magoa izan daiteke?

Ez dut uste,ez. Edonor ezin da magoa izan. Hala ere, edonork ederto pasatuko du magia-ikuskizun batean. Denok trukoren bat badakigu egiten, ezta? Baina xarma berezia behar da magoa izateko. Nire ustez, zerbait berezia behar da gure baitan. Gainera, oso gustuko izan behar da magia eta magiaren mundua. Grina sentitu behar da magia izateko.

Iñaki, amaitzeko trukoren bat esango diguzu?

Nire iritziz, magiak duen onena ikustea da. Horregatik, aholkatu nahi dizuet mago baten ikuskizunaz gozatzea. Gura baduzue, nire webean zenbait joku egiten ditut, ea trukoa harrapatzen duzuen! Horretarako www.magosun.com webean sartu behar zarete. Sartu eta gozatu!

Umeei egiten zaizkien trukoak, bestelakoak dira?

Bai. Umeek magiaren bidez gozatu egiten dute, euren fantasiazko munduaren ikuspuntutik. Nik umeentzako ikuskizunak ere egiten ditut, baina nire izen artiskikoa “Madiver” da kasu horretan.
Ondo dago jakitea!
Eskerrik asko Iñaki gurekin egoteagatik.
Eskerrak zuei.

Sun MagoaSun MagoaSun Magoa