Hemen zaude

Hona hemen gure ikasle batek, Iban Madariagak, hain zuzen ere, idatzitako gutuna!! Ederra!! Hunkigarria!!!

Alkate jauna,eta, bide batez, lagun maitea: 

Zuk idatzi didazun gutuna orain dela bi aste jaso nuen. Gutun horri erantzuteko denbora luze pasatzen utzi dudala badakit, baina, horretarako badago arrazoi ona, nahiz eta zaila izango zaidan zuri esatea.
 
Urtero bezala, zure gutunean eskatzen didazu herrira jaisteko Gabonetan, jaiak zuen artean ospatzeko. Denak nire zain daudela esaten didazu, eta jai ahaztezina izango dela ere bai. Ez du zertan horrelakorik esan. Joan den urtean, eta aurrerakoetan ere, jaitsi nintzen eta badakit gauzak nolakoak diren. Eta arrazoia hori da.
 
Ziur nago nola hasi ginen gogoratzen duzula. Denbora luzea pasa da ordutik hona. Hala eta guztiz ere, atzo izan zela iruditzen zait. Ni artzain gaztea nintzen. Zu, berriz, alkate berria. Herrian ez zegoen erraztasunik, garai txarrak ziren. Jendeak ez zeukan ia ezer jateko, ezta bizitzeko gogorik ere.
 
Sasoi horretan idatzi zenidan laguntza eskatzeko lehen gutuna, txikitatik ginen lagunak eta. Asko pentsatu genuen irtenbide baten bila erantzun egokia aurkitu baino lehen. Lehen urte hartan, herrira jaitsi nintzen, ustekabean, poltsa opariz beteta neramala. Ez ziren opari garestiak, baina bi gauza berezi zeukaten: maitasunez eginda zeuden, eta, maitasunez hartuta.
 
Herrira jaitsi nintzen opariak ematera, baina besteak ziren opari handienak: irribarre bat hemen, besarkada bat hor, hitz batzuk han …
 
Eta horrela lortu genuen gure asmoa: tristura arintzea, poza eta zoriona banatzea … Hori egin eta gero, mendira itzuli nintzen nire bizitza segitzera.
 
Zetorren urtean beste gutun bat jaso nuen. Herriko jendea itxaroten ari zen ni jaisteko, inork zoriona banatzeko beharra zeukaten. Eta berriro jaitsi nintzen nire artzain zakua gaztaz, loreez, artilezko galtzerdiz eta beste gauza xumeez beteta.
 
Urte asko pasa dira garai hartatik. Aurten, berriro, zure gutuna. Baina orain hemendik herrira begiratzen ari naizela, umeak eta gurasoak ikusten ditut eta zer nahi duten ikusten dut. Eta nire zakura begiratuta, konturatzen naiz ez dakidala ezer play-stationi, mugikorrei edo Kariberako oporrei buruz.
 
Konturatzen naiz nire gazta eta lukainka ez duela inork nahi. Jadanik ez dago inor nire zain, Hiru Errege eta Santa Klausen zain baizik. Hau ez da ezagutu nuen herria, hau ez da nire jendea, eta ni ez naiz beraien Olentzero. Zentzugabea da, aurten, herrira jaistea, han ez dago niretzako lekurik eta.
 
Zuri erantzutea asko kostatu zait eta arrazoia hauxe da: ezetz esateagatik triste nagoela.
 
Bihotzez sentitzen dut, lagun maitea, baina aurten ez naiz jaitsiko. Izugarrizko tristuraz esaten dizut agur eta zuk ulertzea espero dut.
 
Betiko zure laguna,
Olentzero.