Hemen zaude

Gure herrian ere badaude jenioak, eta horietako bat dugu IXA taldeko Mikel Artetxe, hau da, Mitzuli aplikazioaren sortzailea.

Androiderako itzultzaile honek berezi egiten duten ezaugarri batzuk ditu. Hasteko, esan doakoa eta librea dela; pagotxa, beraz. Baina horretaz gain, badago zer azpimarratu.

Itzultzaile automatiko honetan, sarrerak, idatziz eta ahoz ez ezik, irudien bidez ere egin daitezke; esate baterako, kartelen batek dakarren mezua ulertu ezean, argazkia egin, itzultzailean sartu eta, bueltan, itzulpena emango digu. Benetan itzela!!

Eta zenbat hizkuntzatara itzultzen du Mitzulik? Bada, 50 konbinazio baino gehiago eskaintzen digu; eta, gainera, euren artean hain ohikoak ez diren batzuk ere baditugu aukeran, besteak beste, gurea, euskara.

Bukatzeko, opor garaia datorrela, hau da, bidaiatzekoa, lagungarri suertatuko zaizuen beste kontu bat. Aplikazioa behin deskargatuta, off-line ere erabili ahal da. Hortaz, gauden lekuan egonda, datu barik ibili arren, Mitzulik berdin-berdin aseko ditu gure premiak.

Gure aldetik, gutxi gehiago: tira Play Store-ra eta Mitzuli telefonoratu; 600 lagunek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko!!