Hemen zaude

Aste honetako blog sarrera zein gairen inguruan egin pentsatzen ari ginela, sustatu.eus-ek sareetan partekatutako lotura bat ireki eta hantxe agertu zitzaigun ideia paregabea: literatura erotikoa. Zehatzago esanda, euskarazko literatura erotikoa; horixe gaurko gaia. Gure inguruko mitoek esaten dutenaren kontra, euskara eta euskaldunok erotikoak izan gaitezkelako eta garelako!

Sarritan idatzi izan ditugu liburuen gaineko gomendioak, baina gaurkoan liburu baten inguruan barik 2 formato ezberdinen inguruan arituko gara: lehiaketa bat, batetik, eta blog bat, bestetik.

Hasteko, Dimako Kalenturak lehiaketa. Nahiz eta azken urteotan ez den ospatu, iraun zuen bitartean, oso arrakastatsua izan zen. Bertatik eta Basauriko literatura erotikoko lehiaketatik ateratako istorioekin Txalaparta argitaletxeak hainbat bilduma plazaratu zituen, adibidez Esku hori! Izenekoa. Hori horrela, lehiaketok hasitako bideari jarraitu nahian, aurten, Arratiako Kalenturak sortu da, eta joan den ostiralean itxi zen lanak aurkezteko epea, beraz, ipuin berriak irakurtzeko aukera izango dugu epe laburrean!

Bigarrena, Kaixomaitia-ko bloga da. Bertan, hainbat gairen inguruan idazten dute (literatura albisteak, erditzeen inguruko informazioa, kontakizunak, nazioarteko ikerketen gaineko artikuluak...), eta, oro har, emakumeekin lotura duten gaiak izan ohi dira. Azkenaldian, ordea, noizean behin, istorio erotikoak publikatzen dituzte, atalez atal, kapituloka. Hainbeste ipuin dituzue aukeran!

Hortaz, azalpenok eman ostean, goazen harira! Guk hemen utziko dizkizuegu ipuin, kontakizun edota istorio horietara heltzeko hasierako loturak. Hortik aurrerakoak, zeuon kontura!

Dimako Kalenturak http://www.dima.eus/eu-ES/Zerbitzuak/Orrialdeak/20151102_DimakokalenturakConcursodecuentoseroticos.aspx

Arratiako Kalenturak http://www.uberan.eus/?gatzetan-gordeak/irratsaioak/irakurrieran/item/arratiako-kalenturak-ipuin-erotikoen-lehiaketa-martxan

Kaixomaitia bloga https://blog.kaixomaitia.eus/2019/03/01/kontaketa-erotikoa-hondartzako-eneritz-i/