Hemen zaude

Euskaraz idazten duzu? Eta Microsoft Office erabiltzen duzu horretarako? Bada, ahalik eta ondoen idatziko baduzu, Hobelex zuzentzaile ortografiko eta lexikoa duzu tresna interesgarria. Doan eskuratu!!

Orain arte erabili izan dugun zuzentzaile ortografikoak duen hutsune lexikoa betetzeko asmoz, Hobelex zuzentzaile ortografiko eta lexikoa garatu du UZEI elkarteak. Tresna berriak, beraz, akatsez idatzitako hitzez gain, Euskaltzaindiaren arauetan eta Terminologia Batzordearen erabakietan “baztertuta” edo “bigarren mailakotzat” zehaztutakoak ere markatzen ditu; eta, bide batez, kasu bietan ere, txarto edota desegoki idatzitako berben ordezko zuzenak edota egokiak proposatzen ditu.

Hori lortzeko, oinarrizko baliabide batzuk erabiltzen ditu, alegia, euLEX datu-base lexikala (117.806 sarrera dituena), euLEMA analizatzaile morfologiko automatikoa eta IDETE testu-egiaztatzailea.

Gainetik bada ere, ikus dezagun zuzentzaileak zelan funtzionatzen duen. Tresnak berehalako lana egiten du; hau da, erabiltzaileak idatzi ahala azpimarratzen ditu zuzenak eta egokiak ez diren hitzak. Alde batetik, azpimarra gorriak egiten ditu; hain zuzen ere, akats ortografikoak, eta forma okerrak eta ezezagunak azpimarratzen ditu gorriz. Eta, beste aldetik, azpimarra berdeak (edo urdinak, bertsioa zein den); kolore horrekin, ordea, egokiak ez diren berbak identifikatzen ditu. Azpimarratuak zuzentze aldera, bide bi ditugu: hitzaren gainean jarri eta eskuineko botoia klikatu (idazten dugun heinean zuzendu nahi badugu) edo F7 sakatu (zuzenketa testua behin idatzita egin nahi badugu).

Ikusten duzuenez, oso tresna eraginkorra, eta, halaber, erraz erabiltzen dena UZEIk eskaintzen diguna. Debaldeko instalazioa bera ere oso erraza da egiten; Microsoft Office 2003 edo geroagoko bertsioa izanez gero, lau bat klik eginda instalatu ahal dugu. Exekutagarria baino ez dugu behar.

Puntu honetara helduta, Hobelexek duen beste berezitasun bat aipatuko dugu, bukatu orduko. Elkarteak etengabeko eguneratze lexikoa egiten du zuzentzailean; hori dela eta, astero izango dugu eskuragarri, euren web orrian, eguneratzeko exekutagarria.

Orain badakizue zer den Hobelex, eta ezin duzue ukatu benetan dela eskertzeko moduko tresna; mesedegarria. Beraz, klik egin eta hobeto idatzi!!