Hemen zaude

Hainbat eta hainbat gara, gero eta gehiago, euskaraz bizi nahi dugunok. Hala ere, zoritxarrez, traba asko topatzen dugu egunerokotasunean; oraindik ere, badago-eta “hablame en cristiano” esaten digunik. Halaber—hau ere esan behar da—, euskara lehenesten dutenak ere badira; lehenengo berba euskaraz eskaintzen dutenak, euskarari eusten ahalegintzen direnak… Bada, Akuilari aplikazioak, batzuk zein besteak, denak hartzen ditu kontuan.

Aste bete ere ez da Behatokiak Akuilari martxan jarri zuela. Hizkuntza- eskubideak bermatzeko lan egiten duen fundazioa izanda, ondo baino hobeto daki euskaraz bizitzea aukeratzen dugunok behin eta berriro jasaten dugula eskubideen urraketa; baita horrelakoetan zelan sentitzen garen ere. Izan ere, astean-astean zenbait salaketa eta kexa jasotzen dute. Sobera ezagutzen dute, hortaz, behatokikoek errealitatea, eta zuzenean argitaratzeko aukera eman nahi digute app-aren bidez. Eskubideak urratu dizkizute? Non? Ez utzi geroko, momentuan bertan salatu ahal duzu!!

Baina aipatutako errealitatea beti ez da txarra izaten, eta jarrera onak ere partekatzeko modukoak dira, zoriontzeko modukoak diren bezala. Azken finean, euskaldunok komunean dugun proiektuan, hain zuzen ere, Herria euskalduntzeko prozesu honetan, motibazioa gauza handia da, eta ez dugu inoiz ere aldera utzi behar. Behatokiko lagunek ere aintzat izan dute alde positiboak goraipatzeko premia, Akuilaria deskargatu baino ez ikusiko duzuen moduan. Aplikazioaren izen hutsa entzunda, izan liteke berehala idia eta akuilua bururatzea; hau da, akuilari hitzaren konnotaziorik txarrena. Ez ahaztu, baina, akuilatu hobe beharrez ere egin ahal dela, eta Akuilariak onerako akuilatzeko aukera ere ematen digu.

Zeu ere euskaraz bizi nahi duten horietako bat bazara, ezbairik ez: zeu ere Akuilari!! App-a deskargatu eta hasi euskararen mesedetan akuilatzen. Zelan deskargatu? Beste edozein aplikazio deskargatzen dugun moduan: Android sistemarako, Google Play plataformara jo eta iOS sistemarako, App Store-ra.

APLIKAZIOA JAITSI eta DUINTASUNA IGO; besterik ez!