Hemen zaude

Azaroaren 20an zabaldu zen mundiala.net ataria eta, harrezkero, eten gabe ari gara euskara sarean ehuntzen, twitteren bidez, euskal hiztunok. Euskara modernoa, erabilgarria, bizia, gaztea, noranahikoa eta gurea izateaz gain, mundiala ere badelako. Eta hori erakustea da, gehien bat, #mundiala ekintzaren helburua.

Munduan zehar, tradizional zein moderno, gazte zein zahar, euskal herritar zein kanpotar, 1.000.000 hiztun gara; 1.000.000 euskaldun gara edozein testu ingurutan euskara erabiltzen dugunok. Lagun asko, hortaz, esparru ofizialetan, adiskideen artean edota sare sozialetan, normaltasunez eta naturaltasunez, euskaraz aritzen garenok.

Aurretik esan badugu ere, errepikatzeko modukoa da, eta errepikatu egingo dugu: EUSKARA BIZIRIK DAGO ETA MUNDIALA DA. Heldu da, beraz, irudikatzeko ordua, eta horretarako jaio da #mundiala kanpaina.

Parte hartzeko, mundiala.net atarian sartu behar gara eta horrek txio bat bidaltzeko aukera emango digu; guk nahi dugun lekura bidaltzekoa, jakina. Baldintza bakarra bete behar da: txiokatu euskaraz. Asmoa da mundu zabalean bizi diren euskaldunen kokapena mundu mapa batean identifikatzea. Horregatik txio bat bidaltzen dugunean, igorlearen naiz hartzailearen kokalekuan, argitxo bat pizten da. Mundua argiztatzeaz gain, datuak erregistratu ere eginten dira. Hain zuzen ere, bidalitako mezu kopurua, erabiltzaile kopurua, mezuek egindako kilometroak eta partaide diren herrialde kopurua.

Oso ekintza polita eta aproposa da Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatzeko, baina argi dago gure partaidetza behar duela esanguratsua izateko. Izan ere, hiruko erregela zuzena da: Zenbat eta euskaldun gehiagok parte hartu, orduan eta piztuago egongo da gure mundu mapa!!! Piztu dezagun!!!!