Hemen zaude

Berri onak euskal kulturarako: Berriak Badok.info euskal musikarako ataria berritu du, eta, ondorioz, duela gutxi arte datu basea zena, musika aldizkaria eta plataforma ere badugu, jada.

Alde batetik, beraz, hasieratik_2009tik_ martxan egon den datu basea eskaintzen digu Badok-ek. Berritze lanek eraginda, baina, askoz ere osoagoa da, oraingo honetan. Hain zuzen ere, 350 biografia baino gehiago bildu eta ia 2000 talde aipatzen ditu; eta, horretaz gain, besteak beste, argazkiak, kritikak eta elkarrizketak ere izango ditugu eskura, ahal den neurrian gaurkotuta mantenduko den datu basean.

Beste aldetik, eduki propioak sortze aldera, aldizkari digitala eskaintzen digu atariak. Horrek, jakina, euskal musikarekin lotutako berri oro jakinaraziko digu, antzinako taldeak eta diskoak ahaztu barik; azken hauek ere izango baitute lekua aldizkarian.

Eta, azkenik, musika plataforma ere topatuko dugu Badok atari berrian; alegia, tresna ezin hobea musika kontsumoa bultzatzeko. Labur azalduta, streaming teknologia erabiliz, bestelako plataforma digitaletara (Youtube, Sound Cloud, Deezer eta Spotify) igotako euskal musika guztia jasoko du Badok plataformak. Erabiltzaileak bere gustuko abestiak entzun ahalko ditu, beraz; eta, hori ez ezik, zerrendak osatzea ere izango du. Erabilerari dagokion informazioa web orriak dakar pausuz pausu azalduta.

Eta, aurreko guztia esanda, bukatzeko, gauza bakarra Zornotzako Barnetegiaren aldetik: ZORIONAK, egin duzuen lanagatik. Euskal musikarako erreferente itzela sortu duzue, hau da, ezinbesteko elementua gure ondare kulturalaren zati garrantzitsua zaintzeko. MILA ESKER, bene-benetan.