Hemen zaude

Bego

Kanpo ekintzetako irakaslearekin egin dugu gaurkoan solasalditxoa eta hona hemen izandako elkarrizketa:

Zornotzako Barnetegia: Arratsaldero, klaseak bukatu eta gero, ikasleekin elkartu eta hainbat ekintza egiten dituzue. Zer dela eta bururatu zitzaizuen honelako zerbait sortzea?
Bego: egia esan, urteak daramatzagu gure Barnetegian arratsaldez kanpo ekintzak egiten. Klase orduak oso garrantzitsuak dira, eta bertan asko ikasten da. Hala ere, badakigu hizkuntzak oso dinamikoak direla eta ikastekotan erabili egin beharko ditugula. Eta hortxe dago koska. Izan ere, klase orduetan euskaraz aritzeaz gain, hizkuntza bene-benetan barneratu nahi badugu, egunerokotasunean, ekintza arruntetan ere erabili behar dugu.
Horretara bideratuta daude eguneroko kanpo-ekintzak.

ZB: Beraz, euskara naturaltasunez erabiltzea da zuen helburua?
Bego: Bai, gure helburuetako bat horixe da, euskara naturaltasunez erabiltzea, ikasleak hitz egin bitartean gustora sentitzea. Horrez gain, hitz egin ahala hainbat zalantza agertzen dira eta horiek argitzen ere ibiltzen gara. Gainera, ekintzak hain direnez anitzak, beti dago guztion gustoko zerbait, eta horrek ere ( gustora aritzeak) asko laguntzen du ikasketa prozesuan.

ZB: Aurten aldaketak daude kanpoekintzetan, ezta? Zein aldaketa? Zer dela eta?
Bego: Bai, aurten beste era batean antolatu ditugu. Hiru-lau egunetako blokeetan sailkatu ditugu ekintzak eta bloke bakoitzeko ekitaldiak gai  batekin lotuta egongo dira. Baten bat aipatzearren, Euskal ondarea blokea edo kirola eta aisialdia aipa ditzakegu.
Lehenengoaren kasuan,  Gernikako Bakearen museoa, Arginetako nekropolia (Elorrio), Baltzolako kobazuloak (Dima) eta beste hainbeste leku ikustera joango gara. Horrez gain, gastronomían ere sartuko gara eta taloak eta euskal pastela egiten ikasiko dugu, besteak beste. Sagardoa nola egiten den ikastera ere joango gara eta, nola ez, egindako guztia dastatu egingo dugu!
Bigarren blokea lantzen dugunean, berriz, kanoan ibiliko gara edota herri kirolak eta ginkanak egingo ditugu; baina baita malabare, perkusio edo txalaparta ikastaroak ere.
Gainera, ikasleekin batera eta guztiok girotzeko, Barnetegiko dekorazioa bloke bakoitzerako egokituko dugu, gure asmoa ikasleak giroan guztiz murgiltzea baita.

ZB:Baina kanpo ekintza batzuk mantendu egingo dituzue? Zeintzuk? Zer dela eta mantendu?
Bego: Badira gurean urtero errepikatzen diren hainbat ekintza, batez ere, ikasleek behin eta berriro eskatzen dizkigutelako!  Horien artean “kuttunena”  kanoetan ibiltzea izaten da; Laidako hondartzan egiten dugu (Urdaibaiko Biosfera erreserban) eta benetan gustora ibiltzen gara, gazte zein ez hain gazte…
Aldatu ez dugun beste ekintza bat Baltzolako kobazuloetara egiten dugun bisita da. Arratiako bailara ederrean, Diman, daude kobazulook eta oso txango polita da. Egun horretan, mendian zehar ibilaldia egiten dugu; gero, kobazuloan barrena sartzen gara eta, zelan ez, etxera bueltatu aurretik indarberritzeko, Diman gelditu eta zeozer  hartzen dugu.
Bi horiez gain, klasiko bihurtu diren ekintza gehiago badaude, baina guztiak ez ditugu hemen esango, ezta?

ZB:Igandeetan txangoak egiten dituzue. Zer egiten duzue horietan? Zein da helburua?
Bego: Igandeetako txangoek helburu bat baino gehiago dituzte. Batetik, ikasleak inguru euskaldunetara hurbiltzea eta  bertako euskalki desberdinak ezagutu eta entzutea; bestetik, euskal kulturan garrantzitsuak diren tokiak, gertaerak eta abar ikustea; eta agian garrantzitsuena, hori guztia egin bitartean, euskaraz bizitzea eta ondo baino hobeto pasatzea.
Berebiziko garrantzia dauka hizkuntzarekin sortzen den harremana ona, gustukoa eta  baikorra izateak, eta horretan ahalegintzen gara! Gainera, ikasleak aste osoan jo ta ke, gogor, ibiltzen dira lanean Barnetegian eta igandeko txangoa esfortzu horren saria dela ere esan dezakegu!

ZB: Bukatzeko, zer esango zenieke euskara ikasi-ez ikasi, zalantzan daudenei?
Bego: nik inongo zalantzarik gabe ikasten hastera animatuko nituzke eta aukera izanez gero, euskaldun giroan, euskaran murgil daitezela esano nieke. Ikasten hasita daudenentzat, berriz, badaukat gomendio txiki bat: lotsa kanpora! erabili egunero ikasten duzuen apurtxo hori; nahiz eta hasieran oker erabili ekinaren ekinaz ikasten baita. Murgildu euskaran!