Hemen zaude

25. urteurrena ospatzera hurbildu ziren lagunak

Zornotzako Barnetegia helduak euskaldundu eta alfabetatzeko zentroa da. Sorreratik Aurten Bai Fundazioak kudeatzen du eta 2017ko ekainaren 1ean 25. urteurrena ospatu zuen. Urteurren horretan izan ziren, besteak beste: HABEko eta Eusko Jaurlaritzako hasierako zein egungo ordezkariak; Euskalgintzako ordezkariak, zeinekin proiektu eta interes desberdinak partekatu ditugun; euskara ikasteko eta zabaltzeko gurekin lan egin duten irakasleak, eta Zornotzako Barnetegiari zentzua ematen dioten ikasleak, urte hauetako guztietako ikasleak. Guztiei gure eskerrik beroenak.

Urte hauetan guztietan ikasle asko etorri dira Zornotzako Barnetegira, euskalduntzeko asmoz. Horrela, hemendik pasatu direnak 20.000 ikasle baino gehiago izan dira. Ikasle horietako batzuk Administrazioko programa berezien bitartez etorri dira (IRALE, Osakidetza, Justizia, IVAP, aldundietako programa berezien bitartez), beste zenbait enpresa pribatuen euskara planei esker, eta beste asko beraien kontura.

Ikasleen atal honetan, aipamen berezia merezi dute atzerritik etorri direnek. Hauetariko batzuk mundu osoan Eusko Jaurlaritzak babesten dituen euskara irakurlegoen ikasleak izan dira, eta horregatik, Etxepare Institutuak edo beste erakunde baten bekei esker izan ditugu geurean.

Ikasleak gurera etortzen dira HABEk homologatutako zentroa garelako eta 24 orduko inguru euskalduna eskaintzen dugulako. Horrela, euskara egunerokotasunean txertatzen da eta irakaskuntza erabilerari lotua dago.